jueves, 5 de marzo de 2009

Iturrama, Aingeru Epalzaren gogoeta

Diario de Noticias, 2009ko otsailaren 17a
Perez Nievas zuzen zegoen behingoz: D eredua dugu Iturrama institutuan gertatu den guztiaren galtzaile nagusia. Bertzerik da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria noraino dagoen horregatik penaturik. Euskal idazleek hainbat nobela eman izan dituzte azken hamarkadetan gure gatazka delakoaren atzaparretan ustekabean harrapatutako jende errugabeen patuaren inguruan. Herri honen irudira, batere bilatu gabe bat-batean ingudearen eta mailuaren artean aurkitzen dira halakoetako pertsonaiak; gehienetan, zirtzildurik eta deseginik buka-tzen dute, Estatuaren errepresioaren eta subertsioaren logika ankerren artean hertsatuta. Iturramako zuzendariari gertatu zaiona ez da, ordea, literatura. Eztabaidarako kontu franko dago auzi honetan, lagun bakar baten jokabide zuzen edo okerraz haratago. Lehen-lehenik, begi bistakoena: nola liteke ikastetxe bateko patioan gaztetxo batzuek egiten dutena Entzutegi Nazionaleren bazka bilakatzea? Eri dago izugarrikeria hori posible egiten duen estatua. Alabaina, hori baino lehenago, bada bertze galdera bat pausatu beharrekoa: zer ari ziren gaztetxo horiek etaxalekeriaren antzerki negargarrian nork haize emanda? ikasten, kirolean, ligatzen eta, oro har, neskakerietan edo mutikokerietan ari behar zuten tenorean? Nor ari da hemen martiri bila? Nor gure gaztetxoak hormaren kontra bulkatzen ari, ea burua lehertzen duten? Ez baitabil arras osasuntsu hori ahalbidetzen duen giza taldea. Hamaika ahaleginen fruitu dugu euskarazko irakaskuntza. Nafarroan haize kontra zutitu da eraikin hori. Nolako sumina gurea, agintearen bozgorailuek belzten dutenean! Halakoei arrazoi ematen laketzen dira erabaki dutenak gure ikastetxeek beren borrokaren (azken) gudatoki izan behar dutela. Iturraman gertatu direnetarik bakar bat ere ez zen gertatuko A edo G ereduko institutu batean, baina batzuk tematurik daude euskal irakaskuntzari prezio gehigarri eta ordainezina ezartzen.